XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

8.3 Ekimenak

8.3.1 Ezaugarri orokorrak

Mugimendu euskaltzaleen ekimen asko aipatuta daude jadanik, eta baita koherentzia ematen zieten ideologia eta jarduera egitasmoa (8.2.1-3 atalak) ere.

Oraingo atalean ekimen honen sailkapen eta aurkezpen orokorra egingo dut, jakinik, aldi berean, guztiak aipatzea edo, are gutxiago, haiei buruzko zehaztasunak ematea, ezinezkoa dela: oso zabala da epea hirurogeita hamahiru urte, hiru belaunaldik hartu zuten parte Euskara elkartea, Euskal-Esnalea eta Euskeraren Adiskideak taldeetakoak, nonbait eta Nafarroako geografiaren zati handi bat besarkatzen dute.

Hizkuntz komunitatearen portaera sistemaren terminoetan hitz eginez, alor guztiak landu zituzten Nafarroako mugimendu euskaltzaleek. Bestalde, esanda dugunez, desberdinak izan ziren euskal hizkuntz komunitatearengana zuzentzen zituzten jarduerak eta erdal hizkuntz komunitatearenganakoak.

Angel Irigarayren hitzetan, helburu bikoitzarekin lan egiten zuten: dediquen casi todo su esfuerzo a mantener el euskera donde aún se halla, mediante fiestas, premios; y a excitar su amor en los demás sitios (Irigaray, A. Para Etxe-zar. La Voz de Navarra, 1935-04-26).

Lehentasuna euskaldunen euskararen aldeko jarrera sustatu eta areagotzeari eman zioten. Ideologi sistema, argudiobide nagusiak, propaganda, eztabaidak, argitalpenak, ekintzak, eta abar, denak funtsean helburu horren inguruan eratzen zituzten, Campionek, adibidez, Euskal-Esnalearen Auzako (Ultzama) batzarreko (ikus 33. irudia) hitzaldiaren amaieran laburbildu zuenez: Baño gauza aiñ okerra [euskararen baztertzea] zuzentzeko, eta zutik jartzeko, lendanez Euskaldunak maite bear dute euskera. Gaur onara etorri geran jaunak, opa ta nai degu Euskaldunak euskalzaleak izan ditezera. (...). Gora Ulzamako ballea, eta gora euskara maitagarriya, Ulzamako ballean iñoiz, sekulan ilko ez dá! (La asamblea de Auza. Euskal-Esnalea I, 1908, 69).

Jarrerak hobeagotzea bilatzen bazuten, euskaldunek aukera zegoen guztietan euskara hauta zezaten izaten zen. Lurralde euskaldunetan Eskuara errekarat? galdetzen zuen Manezaundik, zera gehituz: Deithoragarri da herri euskaldunetan ikhusten duguna. (...). Odoleko deiari ukho egiten da eta nolanahi erortzen dira arrotzen azturetan eta mintzoan (1990: 261).

Ederki zekien Manezaundik euskara ez zela berez atzeraka egiten ari, galeraren ibilbideko urrats bakoitza hiztunen hautaketa jakin bati zor zitzaiola, euskaraz jardun beharrean erdara nahiago zuten une edo egoera bakoitzean gertatutakoa, eta horrexegatik Gauden eskualdun Eskualherrian (ibid.: 263) erantzuten zuen. Eta Larrekok ere dei bera egiten zuen: Euskaldun ona... euskaldun (1992a: 79).

Euskararen ezaguerari dagokionez, esana dugu haien ustez gaitasun mailarik handiena herri euskaldunetako jatorrizko lagunek zutela eta, hauen artetik, naturaltasunari euskara landua gehitzen ziotenek.